Tibeteraz dung-dkar-en itzulpena "itsas kurkuilu txuria" litzateke.
Itsas kurkuilua askotan bere forma naturalean ageri da. Beste batzuetan metalezko ahokoa du eta zenbaitetan hegala deitzen dioten (gshog-man) egindako luzapen bat izaten du. Hegala apaintzeko egiten diren irudien artean maiz topatzen dira zantzu onaren zortzi ikurrak, baina batez ere itsas kurkuiluaren ohiko arerioak gogoratuz itsasmunstro bat edo gehiago. Zortzi ikurrak salbatutako bizidunak irudikatzen dituzten bi arrain, gaitz guztietatik babesten duen baldakina, santuen ospearen aldarrikapena irudikatzen duen eskuinerantz bildutako itsas kurkuilua, bukaerarik gabeko korapiloa, budismoaren garaipena ospatzen duen aterki borobila, bitxi espiritualak kontzen dituen ugaritasunaren katilua, garbitasunaren ikurra den loto-lorea eta Budaren legea islatzen duen gurpila dira. Monasterio aberatsenek metalezko hegalak dituzten itsas kurkuiluak erabiltzen dituzte.
Ez da ohikoa bakarrik jotzea. Gehienetan, bi soinulari elkarren ondoan jarri eta bakoitzak bere soinu-tresnan putz egiten du. Txandaka jotzen dute soinua ez eteteko. Interpretatzeak aparteko gaitasun tekniko handirik eskatzen ez duenez, sarritan monje gazteenen esku geratzen da lan hau.
Usadioz, dung-dkar maskorra monasterio barruan abisuak emateko erabili izan da. Batzuetan talde instrumentaleko parte izaten da, bereziki jainkotasun baketsuei zuzendutako zeremonietan.